Elikadura burujabetza
Itxura
Elikadura burujabetza La Via Campesina mugimenduak 1996an sortutako terminoa da, jendeak beren elikadura, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sistemak definitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko marko politiko bat izendatzeko, nazioarteko merkatu eragileen mende dauden elikagaien aurrean.
2002. urteko Elikagaien Munduko Gailurrean, 400 nekazari erakundek honela definitu zuten elikadura burujabetza:
« | Elikadura burujabetza herriek, komunitateek eta herrialdeek beren nekazaritza, labore, arrantza, janari eta lurralde politika propioak definitzeko eskubidea, nork bere ezaugarrien arabera modu ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak erabiliz. Janaria eduki eta ekoizteko eskubidea barne hartzen du, alegia, jende guztiak daukala janari seguru, elikagarri eta kulturalki egokia eta janaria ekoizteko baliabideak izateko eskubidea, eta nork bere burua eta bere gizartea modu iraunkorrean eustekoa. Elikadura burujabetzak esan nahi du herriek eta komunitateek nagusitasuna dutela merkataritza auzien gainetik janaria eta janari ekoizpena kontrolatzeko.[1] | » |
Printzipioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]La Via Campesina mugimenduak zazpi printzipio proposatu zituen elikadura burujabetza definitzeko:
- Janaria. Funtsezko giza eskubidea da. Pertsona orok izan behar du eskuragarri janari kulturalki egokia, nahiko kantitatean eta kalitatean, bizitza osasuntsua izateko duintasunez. Nazio bakoitzak aldarrikatu behar du janaria eskuragarri izatea eskubide konstituzionala dela eta lehen sektorearen garapena bermatu behar du funtsezko eskubide hau bete dadin.
- Nekazaritza erreforma. Ezinbestekoa da benetako nekazaritza erreforma gauzatzea nekazariei eta lurrik gabekoei -batez ere emakumeei- lantzen duten lurraren jabetza eta kontrola emateko eta herri indigenei lurraldeak itzultzeko. Lurra izateko eskubideak bazterketarik gabea izan behar du, generoa, erlijioa, arraza, gizarte klasea edo ideologiaz harago. Lurra hura lantzen duenarena da.
- Natur baliabideen babesa. Natur baliabideen babes eta erabilera jasangarria sustatzea, batez ere lurra, ura, haziak eta abere arrazak. Lurra lantzen duen jendeak natur baliabideen kudeaketa jasangarria praktikatzeko eskubidea eduki behar du, bai eta bioaniztasuna jabetza eskubide intelektualik gabe gordetzeko eskubidea ere.
- Janari merkataritzaren berrantolaketa. Janaria elikatzeko iturri bat da nagusiki, eta bigarren maila batean salerosketarako elementua. Nekazaritza politikek etxeko kontsumorako eta nork bere burua aski izateko ekoizpena lehenetsi behar dute. Elikagaien inportazioek ez dute tokiko ekoizpena ordeztu behar.
- Gosearen globalizazioaren bukaera. Nazioarteko erakundeek sustatutako politika ekonomikoen ondorio gisa, nazioarteko korporazioek nekazaritza politiken gainean gero eta kontrol handiagoa dute. Beharrezkoa da kapital espekulatiboen erregulazioa eta zergapetzea.
- Gizarte bakea. Mundu guztiak du indarkeriaz libre bizitzeko eskubidea. Janaria ez da arma modura erabili behar.
- Kontrol demokratikoa. Baserritar txikiek parte-hartze zuzena izan behar dute maila guztietako nekazaritza politiken sorreran.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Report of the Special Rapporteur on the right to food, Jean Ziegler (2008) "Promotion and Protection of All Human Rights, Civil, Political, Economic, Social and Cultural Rights, Including the Right to Development," Human Rights Council (A/HRC/7/5) 2008ko urtarrilaren 10: para 72). http://www.righttofood.org/new/PDF/CHR2008.pdf (2012ko maiatzaren 29an eskuratua)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Prozesu eta ekimenen arrakasta gakoen eraikuntza parte-hartzailea elikadura burujubetzaren alde, Emaús Gizarte Fundazioa, 2013.